SOS Balkanes Elkartearen kompromisoaren memoria

Hemeretzi urteko ibiliaren ondoren elkarteak agur esan du; Aiete kultur etxean erakusketa egin dute

Jugoslavia ohiaren gerraren «ardurak salatzeko» eta «gerraren biktimei laguntza emateko» sortu zen Gipuzkoan duela hemeretzi urte. Besteak beste, Donostian Hiritar Merezimenduaren Domina eskuratu zuen 1996an. SOS Balkanes Elkarteak, ordea, urte hauetan guztietan egindako lana utzi egin duela iragarri du. Balkanetako gatazka oraindik konpondu gabe dagoela adierazteko azken ahalegin bat egin du elkarteak: ‘Herioaren jana. Bosnia Herzegovina gure miran’ erakusketa prestatu du Aiete kultur etxean.

SOS Balkanesen historia hainbat objekturen bidez kontatu dute. Gerra urteetan laguntza humanitarioa bidaltzeko erabiltzen zituzten pala zabalak, aldizkariak, elastikoak, kartelak, irratsaioak egin ahal izateko gailu bat, metraila hondakinak… ‘Gerraren aurrean arintasuna’ erakusketa osatu zuten piezak ere berreskuratu dituzte; eskuz egindako pistola bat, besteak beste.

Elkarteak egindako lana gogora ekartzeaz gain, herrialdeak egun bizi duen egoera ere islatu dute elkarteko kideek. Idoia Unzurrunzaga argazkilariak egindako irudiekin osatu dute bilduma. Joan den ostiralean ireki zuten erakusketa, eta abenduaren 11a arte izango da zabalik. Asteartetik ostiralera 16:00etatik 20:30era eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara irekiko dute. Igandetan, berriz, 10:00etatik 14:00etara.

Erakusketa ez ezik, hitzaldiak ere antolatu dituzte kultur etxean bertan. Ostegunean, 19:00etan, Vesna Terselic ekintzailea izango da hizlari gisa. Iragana aurrez aurre izenburupean DOCUMENTA izeneko zentroan memoria historikoa berreraikitzeko egindako lanaren berri emango du. Abenduaren 2an Florence Hartmann kazetari eta idazlea izango da. ‘Le Monde’ egunkariko berriemailea izan zen Bosnia-Herzegovinan 90eko hamarkadan. Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiko fiskaltzaren bozeramailea izan zen. ‘Bakea eta zigorra’ liburuan auzitegiaren hainbat isilpeko erabaki argitara ematea leporatu zioten. Abenduaren 9an, berriz, Bosnia-Herzegovinako herri desberdinak ordezkatzen dituzten pertsonak bilduko dira mahai-inguru batean. Identitatea eta nortasunari lotutako gaien inguruan jardungo dira 

2011/11/21 Nork Nerea Lizarralde

Deja un comentario