Merezi al du erosketak aurreratzeak?

Kontsumitzaileen elkarteek diru aurrezkiak aipatzen dituzte Eguberrietako jakiak aldez aurretik erostea gomendatzeko; saltzaile eta bezero batzuek arrazoia ematen dieten arren, beste batzuk eszeptikoagoak dira.

Urteko egutegia azkeneko orrira gerturatzen ari da egunotan, eta urte sasoiarekin batera Eguberrietako apaingarriak zein erostera bultzatzeko amuak azaltzen ari dira. Hauei aurre egiteko hainbat kontsumitzaile elkartek gomendioak ematen dituzte; tartean urte bukaerako festetarako jakiak aldez aurretik erostea. Bai erosleen artean, zein saltzaileen artean, iritzi kontrajarriak daude.

Ikerketek diotenez, kontsumitzaileen erdiak aurreratzen ditu Eguberrietako jakien erosketak. Horietako bat da Groseko Maite Landa, eta berak azaltzen duenez, «dirua aurrez dezakezu; baina, hori egiteko izozkailu handia behar duzu».

Landak, hala ere, baditu beste arrazoi batzuk erosketak azaroaren bukaeran egiteko. «Hemendik gutxira, zubia dator eta gero santotomasa; eta, gero, gainean ditugu Gabonak. Erosketak orain eginda, lasaiago ibiliko naiz egun horietan».

Nafarroa Beherea plazako merkatura sartu da Landa. Joxerrak, bertako harakinak, bat egiten du Landarekin: merezi du aldez aurretik erosteak. «Ni neu arkumea orain kiloko bederatzi eurotan saltzen ari naiz, eta Eguberrietan hamabost inguruan ibiliko da». Saltzaileak dioenez, antzeko gauza gertatuko da solomoarekin. «Horiek dira egun horietan gehien saltzen direnak eta beraien prezioak igotzen dizkigute».

Bestelako produktuak erosi eta izozteko arrazoirik ez dagoela uste du Groseko harakinak. «Esaterako, txuleta eta urdaiazpikoaren prezioa ez da aldatzen».

Prezioa ez ezik, hainbat produkturen kontsumoa ere igotzen da Eguberrietan. Horien artean arrain espezie batzuk daude; baina, San Frantzisko arrandegiko arduradunek ez dute uste aldez aurretik erosteak alde handirik eragiten duenik poltsikoan. «Komunikabideetan azaltzen diren neurketa horiek gaizki egindakoak dira». Aurrekoa mantentzeko zapoaren adibidea jartzen dute. «Orain bederatzi eurotan dagoen zapo hau eta Gabonetan 30ean salduko dena, ez dira espezie berekoak. Hau zapo zuria da; bestea beltza, eta hori oraintxe bertan 24 eurotan saltzen ari naiz. Modu horretan normala da alde ikaragarri hori egotea».

Espezieak espezie, hainbat etxetan hasi dira Eguberrietarako prestaketa lanak, eta arrain saltzaileek dioten moduan alderaketak ondo egin behar diren arren, honen berri izatean Landak azkar atera du kontua. «Niri 6 euroko aldea irteten zait. Uste dut merezi didala izozkailuari lana emateak, eta baita egun horietarako erosketa gehiena egina izateak ere».

Nork Mikel Goñi

Deja un comentario