Eguillor, gogoan

Artistaren irudiek garaiko euskal gizartea islatzen zuten.

Juan Carlos Eguillor ilustratzaile donostiarrari gorazarre egiten dion erakusketa zabaldu dute Koldo Mitxelenako Ganbara aretoan. Bertan, artistaren bizipen eta oroitzapenak jaso dituzte haren irudi, zirriborro, gutun etabarren bitartez.

Kulturunean gordeta dauden dokumentuez gain, Luis Gasca eta Julian Armendarizen bildumetako materialaz baliatu dira erakusketa osatzeko; bildumagileak izateaz gainera, Eguillorren gertuko adiskideak izan baitziren. Haren mundua urtarrilaren 28ra bitarte bisita daiteke, asteartetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Umore finaren erregea

Eguillorrek denetarik egin zuen ilustrazioaren munduan; haurrentzako komiki eta liburuak ilustratu zituen, ideologia ezberdineko egunkari eta aldizkariekin kolaboratu zuen, Bernardo Atxaga bezalako idazleen pertsonaiei bizia eman zien…

Luis Gascaren liburu batek, Tebeo y cultura de masas piztu omen zion komikiarekiko grina. Gascaren laguntzarekin, El Correo Español-El Pueblo Vasco egunkarian komiki banda bat argitaratzen hasi zen.

Beren lehen istorioak nahiko modernoak ziren eta garaiko pop artarekin bat egiten zuten. Bere lanaren ezaugarri nabarmenetako bat, umore satirikoa zen; batzuentzat garratza izan zitekeen, baina bere pertsonaien samurtasunarekin gozatzen zuen.

Hain zuzen ere, pertsonaia berezia eta gogoangarriak sortu zituen, hala nola, Tartarela edo Mari-Aguirre. Bere emakumezko heroiek, 60ko hamarkadako europear joerari jarraiki, inspirazio erotikoa izan zuten; beti ere, neurri batzuen barruan, garaian askatasun handirik ez baitzegoen. Era berean, haien abenturen bidez, gizartea islatzen saiatu zen.

70eko hamarkadan, Madrilgo argitalpen garrantzitsuetan egin zuen lan: Triunfo, Hermano Lobo, Mundo Joven, Diario 16, El Pais… Trantsizio garaian oraindik zorrotzago aritu zen eta bere istorioek kutsu politiko nabarmena hartu zuten. Euskal prentsari lotuta egon zen eta, esaterako, Eginen Txangurro Marx marxismoaren defendatzailearen komikia kaleratu zuen. Bestalde, garaiko pertsonaia ospetsuak ere bere komikietara eraman zituen, eta Madrilen, Tartarela Manolo Escobarrekin edo Salomorekin egiten bazuen topo; Euskal Herrian Joxe Migel Barandiaran edo San Inazio Loiolakoa ager zitezkeen bere istorioetan.

1979 Euskadi Sioux aldizkari apurtzailearekin kolaboratu eta Eta gero hau! liburua argitaratu zuen. Eguillor, hein batean, antropologoa izan zen eta bere istorioak urte haietako gizarte eta jendearen isla ziren.

2011/11/03 Nork Olaia Gil

Deja un comentario