Bi korrikalari, sei hanka

Euriak ez zuen Uliako I. Txakurkrosa zapuztu; lau eta bi hanketako parte hartzaileek busti bustita proba bukatu arren, arrakastatsua izan zen.

Euriak ez zituen kikildu Uliako I. Txakurkroseko parte hartzaileak, ez lau hankakoak ezta bikoak ere. Hala ere, jai kutsua hartzekoa zen kirol probaren distira apaldu zuen asteburuko denboraleak.

Hitzordua 9:00etan zeukaten txakurkrosaren korrikalariek; izan ere, lau hanketako parte hartzaileek albaitari kontrola pasatu, eta taldeko bi kideak lotuko zituzten arnesak eta uhalak antolatzaileen oniritzia behar zutelako. Izan ere, edozein arnes ez baita balekoa. «Berezia behar du izan, korrika egitean zakurrari ondo egokitu eta mina ematen ez diona», azaldu zion antolatzaileetako batek azkeneko orduan parte hartzea erabaki zuen pertsona bati.

Uliako Basolluaren inguruan, mota askotako zakurrak ikus zitezkeen. Proba hauetan ohitutako jabe eta zakurrekin batera, probatzera gerturatu ziren jabe eta animaliak baitzeuden. Batzuen zein besteen artean tamaina eta sasoi guztietakoak zeudela; baina denek sei hanketako taldeak osatzen zituztela. Groseko Peio Ostolazak, Mus zakurrak lagunduta, hartu zuen parte igandeko proban. Arduradunak ezagunak zituen eta antolatzea erabakitzen ari zirenean, aurrera eginez gero, berak korrituko lukeela esan zien. «Orain ezin atzera egin; baina, eguraldia ikusita gogoa ematen dit», adierazi zuen barre artean, baina blai eginda.

2011/11/07 Nork Mikel Goñi

 

 

Deja un comentario