Uztarria

Euroa hondoratzen bada, akabo Europa, entzun diot irratiari.

 Bruckner filosofoak: “Begiratu gure moneta komunari. Zer ikusten dugu 10, 20, 50 eta 100 euroko billeteetan? Arkuak, zubiak, ateak. Balirudike gure kontinentea pasabide bat dela, pauso galduen saloi bat, planetari luzatutako esku hutsa. Kanpoan gelditu dira Shakespeare, Cervantes, Rembrant, Vinci, Goethe, Dante, Pascal edo Voltaire bezalako figurak”. Billete zaharrek nazio bakoitzaren mitologiari eusten zioten (Franco edo Marianne ikusten genituen guk sosetan, horra gure tamala).

 Eurotara itzuliz: bertan ageri diren zubiek ez dute ezer lotzen; basamortura ematen dute ateek; arkuek ez diete ezeri eusten. Aireportuak edo supermerkatuak bezalako ez-toki erraldoi bat bilakatzen ari da Europa, merkatuak (Benettonek, Zarak…) eta banku erraldoiek hartua dute europarron plaza nagusia.

 Euroa eta Europaren etorkizuna, uztarri berean. Zein etorkizun, ordea?

 OHARRAK (Post scriptum)

 Orain hiru urte, Lehman Brothers sozietatearen iruzurra ipurdi bistan gelditu zen. Ezaugarri humanoagoetan oinarritutako kapitalismo bat birsortuko zutela agindu zuten. Paradisu fiskalak kenduko zituztela agindu zuten politikariek. Aberatsenen zergak igo eta behartsuenen egoera kaltetu gabeko neurriak hartuko zituztela agindu zuten. Kalifikazio-agentzien boterea kontrolatuko zutela agindu zuten. Ordutik pasatu dira hiru urte, eta agintari ekonomikoek ez dute agindutako ezer bete, botere politikoa da ipurdi bistan gelditu dena.

AL

 

Deja un comentario