¿Autoenplegua?‘Titanic’en kateak behar

Bizikleten gurpilak kate lodiekin lotu behar dira. (Argazkia: Mikel Goñi)

Bidegorri sarearen zabaltzeak eta jendearen ohitura aldaketak bizikleten alokairuak gero eta gehiago izatea ekarri dute. Erabiltzaileak eta dendak ugaritu dira euria eta lapurretak aurkari nagusia dituen negozio honetan. 2000. urtean ireki zuten Zurriolan dagoen Bicirent Donostia, eta hamarkada luze honetan, negozioa asko hobetu dela dioen arren, uda honetan lan gutxi egin dutela adierazi du Pablok. «Euri asko bota du, eta horrek ez digu laguntzen». Pablok gogoratu duenez, «denda ireki genuen lehen urteetan, neguan itxi egiten genuen». Orain berriz, urte osora zabaldu dute jarduna. «Orain, gainera, konponketa txikiak egin eta irteerak antolatzen ditugu; horrela ematen dugu negua». Marcelo Carrizo, berriz, berriagoa da alor honetan. Bulebarren dagoen Sanse Bikes bizikleta alokairu denda aurtengo uztailaren erdialdean ireki zuen. «Oso ondo joan da uda, espero nuena baino askoz hobeto». Ateri egon den egunetan, ia bizikleta guztiak alokatu dituela adierazi du Carrizok. «Gehienak kanpotarrei, Parte Zaharreko pentsioetan daudenei eta inguruko hoteletan daudenei». Bezeroek alokairu laburrak egiten dituzte. Dendaren arduradunak azaldu duenez, «egun batzuk baino luzeagoak direnean, gutxiago gastatzen duzu bizikleta merke bat erosita». Bizikleta lapurretak Euriarekin batera, negozio hauen oztopo nagusietakoak dira lapurretak. Zurriolako Pablok horrelako arazoak izan ditu aurten. «Sei bezerori lapurtu diete bizikleta, baina bakarrari oradainarazi diot; beraz, pentsa zenbat diru galdu dugun hor». Carrizok ere arazoak izan ditu. «Hori dela-eta, hasieran nituen giltzarrapoak aldatu egin behar izan nituen». Dendaren atarian dituen bizikletetako bat ere lapurtu zioten. «Bai, ordutik, kalean ditudanak Titanic-en moduko katearekin lotzen ditut».

Nork Mikel Goñi  2011/09/22

 

Deja un comentario