Ba al dakizu zuk Internetek ez dakiena?

Viktoria Eugenia Antzokiaren fatxadan kulturaren hainbat pertsonen bustoak daude, den-denak ez horren ezagunak.

 Paseoan dabilenak ez ohiko kontuei erreparatzeko aukera dauka, eta, presarik gabe dabilenez, turisten argazki kameren norabide berean begiratzeko tartea ere. Lerrook sinatzen dituenak horrela deskubritu zituen Viktoria Eugenia Antzokia apaintzen duten estatuak. Apaingarrien nondik norakoen bila, hainbat herritarren eta Internetaren ahulguneak aurkitu ditu kazetariak. Paseatzailearen arreta eman zuen antzokiaren lehen osagaia aurreko aldeko ezkerreko dorrean dagoen bustoa da, Viktoria Kafe tabernaren gainekoa. Urteetan oharkabean pasatutako figura ez zegoen bakarrik, ordea, eskuineko dorrean, leihatilaren gainean, horrelako beste soingaina zegoelako.

Baina, eraikineko harritik ireteten diren busto bilduma ez da hor bukatzen. Sarrera gaineko zutabeen goiko aldean beste sei buru azaltzen dira, izenik gabeko zortzi aurpegi.

Antzokiaren kanpoaldean horrelako eraikin batean ohikoagoak diren bestelako apaingarriak ikus daitezke. Atzeko aldean, esaterako, mendeetan antzerkia irudikatu duten maskarek hausten dute hormen monotonia. Aurreko aldean, berriz, beste sei ezezagunekin batera tragedia, musika, dantza eta komedia gorpuzten duten eskulturak daude.

Baina, zeinenak dira zortzi buru horiek? Gauza bera antzokiko leihatilan zegoen langileari esanda, galdera jaso zuen kazetariak erantzun gisa: «Baina… bustorik al dago fatxadan?». Antzeko erantzunak eman zituzten bertatik pasatu ziren Parte Zaharreko Joxe adinekoak eta Mari alabak. Horrelako zalantzak argitzeko liburu eta Internetera jotzea da ohikoena. Viktoria Eugenia Antzokia hiriko antzeztoki handiena izan da Kursaal berria inauguratu arte. 1912tik izan du ohore hori, urte horretan bukatu baitziren Francisco Urkola arkitekto donostiarrak zuzenduriko lanak. Internet bilaketa azkar baten bidez, eraikina estilo neo-errenazentistan egindakoa dela eta bere dekorazioa neoplatereskoan koka daitekeela jakin daiteke bote prontoan. Baina, zailagoa da bustoek omenduen izenak jakiten.

Kopiatzea eta pegatzea…

Ezezagunen galerian sei laguni izena jartzea lor daiteke Internet bilaketa eginez. Hain zuzen ere, sarreraren gainean daude: Peñaflorida kondea, Arriaga, Eslava, Gaiarre, Gaztanbide eta Santesteban. Kontu bitxia, ordea, toki guztietan seikote hori laukote gisa azaltzea da: «En la fachada principal hay cuatro bustos…». Kopiatzea eta pegatzearen arriskua… Bilaketak bilaketa, eta galdeketak galdeketa. Hau idatzi duenak, amore eman ez, eta egunkari honetako kolaboratzaile den Xabier Arzelusi deitu dio; hiria eta kulturaren inguru duen jakituria dela eta. Erantzuna ez zuen buruan, ezta bustoak dorreetan zeudenik ere, baina kazetariaren azalpenei entzun eta hauxe erantzun du. «Bitxia, tamaina ikusita aipagarrienak direla esan baitaiteke».Deiak Arzellusen jakin mina piztu du, eta Viktoria Eugenia Antzokira gerturatzea erabaki du. Eraikinaren aurrean, bere musika zaletasunak eman dio erantzuna: «Wagner da ezkerrekoa eta Bethoven eskuinekoa».

Eta zuk, irakurle, ba al zenekien zeintzuk diren? Internetek ez dakiena ba al dakizu? Bat al zatoz Arzelusekin? Zure iritzia ongietorria izango da e-mail helbide honetan Mikel Goñi

Deja un comentario