Aiete 721 langabe (2010eko ekainean, 626)

Langabe askok ez dute inolako diru-laguntzarik jasotzen.

Maiatzeko beherakadari helduta azken hilabetean ere behera egin du hiriko langabe kopuruak. Sasoiko lanpostuek esker 417 donostiarrek lana aurkitu dute; baina, oraindik ere, beste 9.885ek bila jarraitzen dute

Bigarren hilabetez jarraian, behera egin du langabeziak, udako hilabeteetan ohikoa den moduan. Enplegu Zerbitzu Publikoak aste honetan ezagutzera eman duenez, 9.885 donostiarrek lan aukera bat noiz agertuko izena emana dute Lanbideren zerrendetan. Hau da, hiriko biztanleria aktiboaren –16 urtetik gora izan eta lan egiteko prest dauden hiritarrak– %10,4 daude lanik gabe Iazko ekaineko datuekin alderatuta, ordea, langabeziak ez du hobera egin; orduan baino 793 langabe gehiago baitaude. 12 hilabetetan, beraz, %8,72 hazi da.

Hego Euskal Herrian errepikatu den beherakada da. Gipuzkoa urte hasierako datuetara itzuli da, 1996tik izan den jaitsiera handiena jasan ondoren. 1.363 lagunek lana aurkitu dute ekainean, eta horien ia herena, donostiarrak dira. Izan ere, 417 donostiarrek lanpostua eskuratu baitzuten joan den hilean.

Udako denboraldiko lanaren ondorio izanik, datu positibook urteko sasoi honetan errepikatu ohi dira. Hirugarren sektoreko lanpostuak gehiengo dira hirian, eta hala gertatzen da eskariarekin ere: langabezian dauden lautik hiru zerbitzuetan jardun nahi du. Zorioneko izan diren 417 donostiarren gehienak ostalaritza eta merkataritza postuetan ari dira. Ekainean langabe izateari utzi zioten hamarretik ia bederatzik, hain zuzen ere.

Iazko datuekin alderatuz gero, industria da kopurua murriztu duen bakarra. Duela 12 hilabete 1.045 baziren, ekainaren 30ean, 1.022 zenbatu zituzten.

 IrutxulokoHitza

Deja un comentario