Non eta Londresen entzun dira Donostiako danbor soinuak

Non eta Londresen entzun dira Donostiako danbor soinuak, joan den asteburuan. Axular Lizeoko helduen danborradak haraino eraman baititu sukaldari eta soldadu jantziak zein San Sebastian eguneko martxa eta doinuak.

 Duela bi bat hilabete A taste of Spain turismoa sustatzeko ekimena Axular Lizeoko helduen danborradarekin harremanetan jarri zen. Aieteko taldeak Ingalaterrako hiriburuan danborrada zertan datzan erakusteko gonbitea jaso zuen. Ez zuten birritan pentsatu, eta, ondorioz, primerako asteburua pasatu dute Gipuzkoako hiriburuko jai nagusia nola ospatzen den lur haietan erakustsiz.

Taxien tamainak, Hyde Parken zeharreko paseoa eta beste oroimen asko ekarri dituzte Inglaterratik, baina horien guztien artean bat gailentzen da: emanaldia hasi baino lehenagokoa, «oso urduri geundelako eta dena ondo irteteko gogoa geneukalako».

Larunbatean Donostiatik irten, eta astelehenean bueltan zeuden espedizioko 68 kideak. Bien bitartean primeran pasatu zutela dio Maialen Navarro Axularreko ikasleak, baita «bihar bertan» errepikatuko lukeela ere.

Navarrok dioenez, bidaia osoko une bakarra aukeratu beharrean balego, ezbairik gabe, «lehenengo martxa jo genuenekoa izango litzateke». Publikoaren presentzia eta jakin mina etengabea izan ziren jardunak iraun zituen 7 ordutik gorako tartean. Regent Street kale ospetsuak egin zituen Konstituzio plazarenak, eta, trafikoa moztuta, daborrariek urtarrilaren 20a bilakatu zuten ekaineko lehen igandea.

Oihana Amonarraiz irakasleak ere parte hartu zuen txangoan, eta danborradan sukaldariz jantzita parte hartzeak pasadizoak eragin zizkion. «Antolatzaileak paella partitzen ari ziren, eta batek baino gehiagok galdetu zigun ea lan asko eman zigun hori prestatzeak».

Donostiarrak publiko artean

Baina Londresen danbor hotsak erakarri zituen pertsonen artean danborrada ezagutzen zutenak ere bazeuden. «‘Gora Donostia!’ oihukatzen zuen bat baino gehiago zegoen han», gogoratu du Amonarraitzek.

Publikoaren arteko pertsona bat gogoratzen du Navarrok; «jo ondoren argazkiak ateratzen ari ginen, eta sukaldari txanoa burkaren gainean jarri zuen emakume batek». Ikaslearentzat Londresera egindako lehen bidaia izan da asteburukoa, eta bertan ikus daitekeen jatorri ezberdineko jendeak eman dio arreta gehien. «Donostian ere badago, baina Londresen askoz gehiago».

Deja un comentario