Kamorrari buruzko begirada neorrealista bezain bortitza

Roberto SavianorenGomorra’ liburuan oinarrituta, film gordina zuzendu du Mateo Garronek

  «Nire aitak errefusa ezin zezakeen eskaintza bat egin zion…». Francis Ford Coppolak 1972an zuzendu zuen The Godfather filma da, ziurrenik, mafiaren inguruan inoiz egin den filmik onena. Mario Puzoren best seller-a maisutasunez zinematu zuen Coppolak, mafiari abizena (Corleone) jarriz mundu zabaleko imajinario kolektiboan. 36 urte geroago, Ameriketan aberastu zen Capo-aren lehengusu italiarra agertu da. Izan ere, eskaintza errefusaezina zen Roberto Savianoren Gomorra liburua zeluloide bihurtzea. 

Gomorra, filma, gaur estreinatuko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetan. Matteo Garrone italiarrak zuzendu du, eta Savianok berak parte hartu du gidoiaren moldaketan. Liburuaren milioi eta erdi ale saldu dira dagoeneko, eta Savianok Italia utzi behar izan du kamorrak hilko duela mehatxu egin baitio. 

Hasiera batean, The Godfather eta Gomorra filmek bide paraleloak daramatzatela dirudi. Bi filmak daude best seller banatan oinarrituta, bietan parte hartu dute liburuen idazleek gidoiaren lanketan eta biak murgiltzen dira mafiaren barrenetan. Argumentuei so eginez gero, ordea, bada lehen kolpean atzematen den ezberdintasun txiki bat. The Godfather-ek New Yorken kokatzen zuen istorioa nagusiki; Gomorra-k, aldiz, Napolin eta Casertan. Eta Italia AEBak ez den legez, Cinecittá ez da Hollywood. Bere garaian, eta Coppolaren filmari meriturik kendu gabe, ahots askok adierazi zuten The Godfather-ek ez ote zuen mafiaren irudi idealizatu eta erakargarriegia erakusten. Puzoren liburua fikzioa zen eta Savianorena erreportaje literaturizatua da. Hala, Gomorra-k bere gordintasunean erakusten du kamorra napolitarrak gizartean duen eragina. 

Bost istorio dokumental.

 Jatorrizko testuak eskatzen zuenari jarraiki, Garronek dokumental kutsuko filma osatu du, mafiaren inguruko topiko eta klixeak alde batera utzita. Filmak «kamorra barrutik» erakusten duela adierazi du zuzendariak, eta, horretarako, «gerra erreportajeetan» inspiratu dela; begirada neorrealistaz filmatu dute pelikula. Savianoren liburuari zintzo izate aldera, filmak bortitz erakusten du kamorraren biolentzia; biek ala biek, mafiak ezarritako legeak milaka pertsonen bizitza nola baldintzatzen duen erakutsi nahi dute. «Azken 30 urteetan, Kamorrak 4.000 pertsona erail ditu, IRAk, ETAk eta Cosa Nostrak baino gehiago», adierazi du Savianok.

 Filmak bost istorio ezberdin kontatzen ditu, bi ordu eta laurdeneko proiekzioan, modu paraleloan. Totok 13 urte ditu eta nagusi egiten ari da bizitzaren eskolan. Egun batean, atzera bueltarik ez duen erabakia hartu beharko du. Marcok eta Cirok Brian de Palmaren film batean bizi direla uste dute, baina sistema-ren eguneroko lana oztopatzen duten gizagaixo bi baino ez dira. Pasquale jostun bikaina da, eta goi mailako arropa diseinatzaileentzako lan egiten du, tailer klandestinoetan. Napoli inguruko bizitzaren adibide batzuk baino ez dira.

 Filma ahalik eta sinesgarritasun handienaz janzteko asmoz, aktore gehienak egoera euren azalean bizi duten herritarrak dira. Horietako bat, Giovanni Venosa izenekoa, adibidez, filma estreinatu eta gutxira atxilotu zuten, filmean egiten duen paperaz gain, benetako bizitzan ere ustezko gazikile izateagatik.

 Lehenengoz, Cannesko zinemaldian ikusi zen filma iragan maiatzean, eta epaimahaiaren sari nagusia eskuratu zuen. Bestalde, Italiak Oscar sarietara bidaliko duen filma da Gomorra.

 Aitor Abaroa

Deja un comentario