Hiriko kultur eragile izan nahi dute gazteek

Bost ikastetxetako ehun bat neska-mutilek hartu dute parte aurtengo Entzunaldi Publikoan. Gazteen parte hartzea sustatzeko asmoz, urtero antolatzen den Entzutegi Publikoan parte hartzen dute hainbat ikastetxetako neska-mutilek. Aurten, Arantzazuko Ama, Antigua Luberri, La Asuncion, AGI eta Jesuitinas ikastetxeetako ehun gazte aritu dira gogoeta saioan. Donostia 2016. urtean Europako Kulturaren Hiribiru izateko lehia betean dela aitzakia hartuta, Gazteak eta Kultura aukeratu dute hausnarketarako gai.

 Ikasgeletan sortutako eztabaida Europako beste gazte batzuekin trukatzeko aukera izan dute. Zehazki, Searing (Belgika), Harrow (Erresuma Batua), Terni (Italia), Rivas Vaciamadrid (Madril) eta Bartzelonako beste gazte batzuekin harremanetan jartzeko aukera izan dute. Hiri horietako ordezkari talde bat Donostian da, proposamen bateratu bat prestatzen.

 Aholkuak

 Entzutegi Publikoa medio, gazteek kulturarekin harreman zuzena dutela eta bere sentitzen dutela ondorioztatu dute. Azken batean, beste gazte batzuekin harremanetan jartzeko tresna gisa dute. Hala ere, gazteen ekarpena askoz ere handiagoa izan daitekeela zehaztu dute eta hainbat proposamen egin dituzte.

Udal arduradunei aurkeztutako aholkuen artean, Udalak Tuenti gune bat sor dezakeela adierazi dute, kulturarekin lotutako burutaziorik izanez gero, bertan plazaratu ahal izateko.

Administrazioak eurekin duen harremana askoz ere estuagoa izan beharko lukeela iritzi diote. Hala, dituzten beharrizanak zeintzuk diren galdetzea komenigarria litzatekeela erantsi dute.

Sormena lantzeko leku gutxi duten talde eta sortzaileentzat aretoak eskaintzea nahiko lukete. Baita dantzaleku eta entsegu gela gehiago ere. Grafitiak egiteko, eremuren bat baliatzea proposatu dute, halaber.

Xabier Etxabe  Hitza 2011/04/06

Deja un comentario