“Niretzat amets baten modukoa da; ez nuen halakorik espero”

Pablo Martinez (Aiete, 1993) Esgrimako Munduko Koparako sailkatu da, 20 urtetik beherakoentzako kategorian. Fortunako kide da Martinez eta Alemaniako Dormagen hirian jokatuko duten lehian izango da, abenduaren 4ean. Bere kategorian jokatutako sailkapen probetan egindako lan bikainari esker lortu du Koparako txartela eta Estatuko beste zazpi tiratzailerekin batera parte hartuko du.

 Nolakoak izan dira Munduko Koparako txartela lortzeko sailkatze probak?

 Espainiako zortzi tiratzaile onenen artean geratu behar nuen, hainbat txapelketa jokatu ostean. Duela hiru aste Madrilen izandako azken proban, dena nuen jokoan, zortzigarrenaren eta zazpigarrenaren puntu berdinak nituelako. Gauzak ez zitzaizkidan espero bezain ongi irten, urduri jarri bainintzen. Hala ere, zortea izan nuen, aurkariek ez baitzuten euren egun onena izan eta azkenean sailkatzea lortu nuen. Asko poztu nintzen sailkatzea lortu nuela ikustean eta Munduko Kopara joan nintekeela jakitean. Orduan, lehenengo gauza nire entrenatzaileari deitzea izan zen.

 Denboraldi hasieran halako zerbait espero zenuen?

 Denboraldiko helburuetako bat zen, baina ez zela hain erraza izango ikusi genuen. Dezente borrokatu behar izan nuen lortzeko eta azkenean ongi atera zait.

Orduan, jokatutako lau probetatik, azken hori izan zen zailena?

Bai, maila lehenengoaren antzekoa zen, baina orduan ez nuen buruan sailkatzea. Baina lehenengo zortzien artean nengoenez, helburu finko bezala jarri nuen. Orduan, presiopean nengoenez, askoz zailagoa egin zitzaidan eta burua galdu nuen.

 Munduko Kopan parte hartzeak zer suposatzen du zuretzako?

 Hasieran ezin nuen sinetsi. Beste tiratzaile batekin berdindua negoen eta, ezin zuenez probara joan, azkenean ni sailkatu nintzen. Niretzat amets baten modukoa da; ez nuen halakorik lortzea espero. Azken finean, nire maisuaren talentuari eta jasotako laguntzari esker iritsitako lorpena da.

 Zein izango da zure helburua Kopan?

 Bereziki ikastera noa, halako proba batera noan lehen aldia baita. Lehenago, nazioarteko kopatan egon naiz, baina horietarako ez nuen sailkatze probarik pasa behar izan, gonbidapen bidezkoak baitziren. Kopa honek garrantzi handia du eta gutxienez lehenengo kanporaketa igarotzea ongi egongo litzateke.

 Dagoeneko jaso dituzu klubeko eta inguruko lagunen animoak?

 Bai! Hasieran ezin nuen nik ere sinetsi, baina gero ingurukoei esan nien eta lagunak deika hasi zitzaizkidan. Gainera, harritua geratu nintzen; esgrima egiteagatik txantxak egiten zizkidaten eskolako lagunek ere zoriondu zidaten. Ezagutzen ez dutenaren aurrean duten jarrera da eta alde batetik normala iruditzen zait.

 Duela asko hasi zinen esgriman?

 Zazpigarren urtea da. Hasieran hainbat kirol egiten nituen batera; eskubaloia, futbola eta esgrima. Uda batean egindako ikastaro baten ondorioz hasi nintzen esgriman, lagun batekin batera, kirol alternatibo moduan. Baina gustatu egin zitzaidan eta azkenean beste bi kirolak utzi eta esgriman buru belarri hastea erabaki nuen. Izan ere, esgriman ikusten nuen ez nituela emaitzak lortzen ez nioelako denbora nahikoa eskaintzen. Beraz, astean bi ordu egitetik gogorrago ekiten hasi nintzen. Azken finean, nire sei urteak hirutan laburbildu daitezke, Pio Barojan berrikuntzak ere egon baitira eta aurrerapausoak nabaritu dira.

 Nolakoa izan da zure kirol ibilbidea?

 Espainia ordezkatu nuen Frantzian egondako nazioarteko txapelketa batean eta final zortzirenetan kanporatu gintuen Errusiak. Gero, Espainiako kluben artean hirugarrenak izan ginen. Bakarkakoetan Euskadiko txapelduna izan nintzen, 12, 15 eta 16 urtez azpiko txapelketetan eta Absolutu mailan zilarrezko domina eskuratu dut bi urtetan. Eskolarteko txapelduna ere izan naiz. Bestetik, aurten Pio Barojan jokatutako nazioarteko txapelketan euskal tiratzaile onenaren saria eman didate.

 Erraza da ikasketak eta kirola uztartzea?

 Beno, unibertsitatean sartzeko batez besteko nota ona lortu nahian nabil eta gainera, Lehen Mailako entrenatzaile titulua ateratzen ari naiz eta praktikak egin behar ditut. Beraz, entrenatzeaz gain, entrenatzaile lanetan ere aritzen naiz. Horrela, klubaren zabalkuntzan laguntzen dugu, Igor Otaegik ezin baitu guztiarekin eta nik ia dena berari zor diot. Baita Gorka Arizkorretari eta Alex Priori, asko lagundu didate.

Baduzu ametsik?

Joko Olinpikoak aipatzen dizkidate denek, baina Londresekoak behintzat ezinezkoak izango dira. Entrenatzen jarraituko dut eta kluben arteko Espainiako Txapelketan lan ona egiten saiatuko naiz.

   Nork Estitxu Zabala

IRUTXULOKO HITZA 

Deja un comentario