Urtebetean, guztientzat tokia

Aieteko Gurutzeaga eliza txiki gelditu da parrokiako beharrei erantzun ahal izateko. Urte askotako borrokaren ondoren, abenduan hasiko dituzte eraikin berria egiteko lanak.

maitane aldanondo. HITZA

Aieteko Gurutzeaga elizan urte askotako asmoaren gauzatzea inoiz baino gertuago ikusten dute. Orain bi hilabete auzotarren beharrei «duintasunez» erantzuteko balioko dien eraikina egiteko lurrak lortu zituzten. Proiektua aspalditik prest dutenez, ordutik baimenen kudeaketan aritu dira burubelarri. Abenduan hasiko dira lanak eta urtebeteko epean amaitzea espero dute. Ordutik aurrera, elizan elkartzen diren gurasoek, haurrek eta gazteek ez dute berriro ere leku faltarik izango.

Ermita bezala sortu zen Gurutzeaga, 1926ean. Ia lau hamarkada geroago, 1961ean, parrokia bilakatu zen. Ordutik hona, auzoarekin batera hazi dira elizaren beharrak; 2.500 biztanle izatetik, 15.000era pasa baita Aiete. «Eliza egin zen eta gela handi bakar bat daukagu. 350 ume eta gazte daude, non sartu horiek? Gurasoek gelak hartu dituztelako eta elizan hileta dagoelako, gazteak behin baino gehiagotan portikoan gelditu dira», azaldu du Pedro Albizuri parrokoak. Ahal moduan moldatu dira urte askotan, bulegorik, aretorik eta gelarik gabe. Albizurik 16 urte daramatza Gurutzeagaz arduratzen, eta zabaltze asmoak bere aurrekoak direla gogoratu du. «Lokalaren azpiegiturari dagokionez, gure egoera tamalgarria izan da denbora luzez. 25 urtez gogor borrokatu ostean, lortu dugu azkenean eraikitzeko lurzorua».

Lur trukea, Udalarekin

Parrokiak orain bost urte eskatu zion Udalari jolas toki orubean eraikitzeko baimena. Lur horretan eraikitzerik ez zegoenez, Udalari beste lursail batengatik trukatu diote. «Moja oblatek eraikin berria egin dute eta lur horien zati bat Udalak hartu du. Hori da eman digutena», azaldu du Albizurik .

Udan sinatu zuten elizaren atzeko aldean, Emausen eraikina izango denaren ondoan, dagoen orubearen jabetza. Onkologiko berria egin duen Jon Uranga arkitektoak pentsatutako proiektua abenduan hasiko dira altxatzen. Elizaren atzeko hormari itsatsirik eta malda baliatuz, lau solairu altxatuko dituzte. Azpiko aldean sotoa eta aparkalekua. Gainean, sakristia, bulegoak eta lokalak egingo dituzte. Biltzeko gelak, lehen solairuan izango dira; eta bigarrenean, berriz, apaiz etxea eta asmo anitzetarako gela. Lana, urtebeteko epean amaitua izatea espero dute, parrokiaren mende erdiaren urteurrenerako.

Lana finantzatzeko, sinestunen aietearren eta auzoko eragileen laguntza behar dute. Lehen faserako milioi euroko aurrekontua dute, gastu tekniko eta administratiboak barne. Gotzaindegian orain arteko izapideak ordaintzeko dirua eman dien moduan, eskatuko duten hipotekaren bermea bere gain hartuko du. Gainontzeko dirua, dohaintzen bidez eta eskaintza artistiko, ludiko nahiz kulturala prestatuz lortu nahi dute.

Egitasmoaren berri ematea laguntzak biltzeko ezinbestekoa denez, komunitateko kideen eta aietearren postontzietan eraikinaren asmoei buruzko triptikoak banatu dituzte. Era berean, datorren ostegunean, azaroak 4, proiektuaren aurkezpena egingo dute Gurutzeagan, 19:00etan. Bertan, auzoko ikastetxe, erakunde eta biztanleei lanen nondik norakoak azalduko dizkiete. «Ez da guretzat, beraientzat da. Hona datozen haur, gazte eta gurasoentzat», gogoratu du parrokoak

Deja un comentario