Erromeria berreskuratuko dute bihar hasiko diren Aieteko jaietan

erredakzioa. hitza

Bihar, 19:00etan, botako duten txupinazioak emango die Aieteko jaiei hasiera. Txupinazoarekin batera, Ozenki Otxoteak girotuko du Aieteko jauregiaren ingurua.

Egunik handiena, ordea, etzikoa izango da. Aspaldian, XX. mende hasieran batipat, entzutetsua zen erromeria berreskuratuko dutelako Aieteko parkean. Musikak bakarrik girotu ez dezan, Aieteko auzo elkarteak eskaera berezia egin die auzotarrei. Festa gunera baserritarrez jantzita hurbiltzeko eskatu die, jaia ahalik eta borobilena izan dadin.

Larunbatean, 12:00etatik aurrera, jolasak antolatuko dituzte. Zaku karrera, sokatira, toka, lokots biltzea…. Eguna behar bezala hasteko, izerdia botatzeko jarduerak prestatuko dituzte lehenik. Ondoren, 13:00ak aldera, jolasak bukatu ostean, poteoa izango da Etxadi inguruan.

Poteoan zehar, gorputza astintzeko aukera egon dadin, auzoan sortu berri den The Joselontxo’s txarangak hainbat pieza joko ditu. Poteoarekin amaiatu ondoren, bazkari herrikoa egingo dute parkeko lorategietan, parte hartzaile bakoitzak etxetik ekarritako jakiekin.

Liseriketa egiteko astirik gabe, dantzatzeko musika eta jolasak izango dira 16:00etan hasi eta 18:00ak bitartean.

Meza, asteartean

Igandeko atsedenaren ostean, parrokiko kanpaiak izango dira astelehenean, 20:00etatik aurrera, auzoa alaitzeaz arduratuko direnak.

Asteartean, berriz, meza ospatuko dute goizeko 11:00etan eta ondoren, gosari txikia egingo dute parroki atarian.

Deja un comentario